Enpresak humanizatu eta lehiakorrago egin. Juan Manuel Sinde.Grupo Noticias.

15/10/2023

Orain dala bost urte Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza zuten bost talde politikoek aho batez onartu zutela legez besteko proposamen bat, Partaidetzazko enpresa-eredu inklusiboa deiturikoa bultzatzeko. Hiru hilabete lehenago, antzeko proposamen bat onetsia zuten Nafarroako Legebiltzarrean.

Baina proposamen horrek benetan egiten du ekarpena enpresen etorkizuna jasangarria izan dadin? Edo praktikan aplikatu ezinezko balio utopikoak dira?

EAEko eta Nafarroako sentsibilitate ekonomiko, politiko eta sozialak ordezkatzen dituzten zenbait pertsona-talderen hausnarketen ildotik, arrazoi hauek nabarmendu nahi genituzke enpresa gizatiarragoak sustatzeko, haien lehiakortasuna hobetzearen ikuspegitik:

  1. Garapen zientifiko-tekniko ezin azkarragoaren ondorioz, errotik aldatu da pertsonek enpresetan duten zeregina, eta zeharo garrantzitsua da behar bezala kudeatzea ezagutza eta berrikuntza, zeinak, hain zuzen ere, haiengan dautzan.
  2. Haien zeregina erabakigarria da mota guztietako enpresek arrakasta izan dezaten, beren adimena, kezkak, sormena, enpatia eta taldean lan egiteko gaitasuna gehitzen baitituzte. Enpresaren ikuspuntutik erabateko garrantzia duen faktorea da, eta zaindu, motibatu, hobetu… beharko litzateke.
  3. Hortaz, egoera horrek giza taldeak enpresen kudeaketaren erdigunean jartzeko beharra eragiten du, efizientziagatik eta lehiakortasunagatik.
  4. Bestalde, globalizazio-prozesuaren ondorioz, kostuen bidez lehiatu ezin diren enpresek eta herrialdeek beste lehia-elementu batzuk bilatu behar dituzte, kalitatea etengabe hobetzean eta beren bezeroei baliozko proposamen berriak egitean oinarrituta. Bezeroek, bestalde, pertsonen beharra dute, eta horrek are garrantzi handiagoa ematen die horiei.
  5. Ondorioz, enpresa-eredu berria behar da, ezagutza eta eragile guztiak enpresa-proiektu partekatu batean inplikatzea erraztu eta bultzatuko duena.
  6. Aldaketa, bestalde, konfiantzatik abiatuta eraiki behar da, eta konfiantzaren oinarria informazio gardena, egiazkoa eta sistematikoa da, baita «egunerokoan» parte hartzea sustatzen duen kudeaketa-eredu bat ere. Konfiantza hori enpresako komunitatearen, hark harremanak dituen kolektiboen eta administrazio publikoen artean banatu behar da.
  7. Beharrezkoa da, hartara, enpresetan aldaketa kulturalak eta antolamendukoak egitea, eta horrek esan nahi du egokitzapen nabarmena egin behar dela enpresa-jabeen eta langileen arteko harreman-eredu tradizionalean, proiektu komun bat ertzeko helburuarekin. Proiektu horrek eragin positiboa izan behar du, bai enpresaren lehiakortasunari eta harentzat balioa sortzeari dagokionez, bai tartean diren pertsona guztientzat soldata eta lan-baldintza duinak lortzeari dagokionez ere.
  8. Horregatik, beharrezkoa da ardura hartzea, haiek soldata duina eta etorkizunari begirako prestakuntza izan dezaten, enpresa-proiektuarekin bat egin dezaten, lanean pozik egon daitezen, eta talde-lana errazten duen kohesio soziala, genero-ikuspuntutik bidezko tratua, lana eta familia bateratzeko kezka… egon daitezen.
  9. Proposatzen den aldaketak enpresaren helburuak modu zabalean ulertzea dakar, eta ez epe laburrean ahalik eta etekinik handiena lortzeko ahalegin gisa. Aurrera egin beharko litzateke nazioartean arrakasta izan duten formulen ildotik, zeinetan enpresa erakundetzat hartzen den; interes-multzo bat modu orekatuan asetzen duen erakundea, eta, aldi berean, gai ekologikoak, giza eskubideak… ere kontuan hartzen dituena.
  10. Aldaketaren erantzukizuna denoi dagokigu, baina, bereziki, eta neurri handiagoan, enpresan boterea dutenei. Nabarmentzekoa da enpresa-jabeek eta zuzendaritzako kideek duten eredugarritasuna. Azpimarratu beharra dago eredu berri horretaranzko aldaketa ez dela lege-araudiaren esparrukoa, ezta automatikoa ere: enpresa-kultura kudeatu behar da barne-mailan, eta, horretarako, lehenik eta behin, goi-zuzendarien konpromisoa behar da, kultura berria langileen eta haien ordezkarien parte-hartzea eta konpromisoa lortuko den modu batean diseina eta antola dadin.

Testuinguru horretan, interesgarria litzateke balio humanista horiek euskal enpresetan txertatzen saiatzea, kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozialaren muga juridikoak gainditzen ahaleginduz, gizatiarragoak izan daitezen, eta ez hori bakarrik, baita lehiakorragoak ere, gaur egungo ekonomiaren agertokian.

Hala ere, hori lortzeko, beharrezkoa da haien jabeek eta zuzendaritzetako kideek epe luzeko ikuspegia izatea, eta ez daitezela mehatxatuta sentitu informazioa, eta, neurri batean, boterea partekatzeagatik enpresako gainerako stakeholder-ekin, haren jarduna hobetzeko bidean.

Esparru horretan, egokia litzateke orain dela bost urte lortutako adostasunari heltzea berriz, etorkizuneko belaunaldiei kalitatezko enpleguak eskainiko dizkieten enpresa jasangarriak sustatzeko.

 

Juan Manuel Sinde
Arizmendiarrieta Fundazioaren presidentea