Misioa, bisioa eta jarduera ardatzak
Transzendentziak pertsonari bizitzaren ikuspegi bat eskaintzen dio eta horren arabera jokatzera bultzatzen du, horretarako ahalegina eginez. Fundazioak desio horiek elkarlanean bideratzea nahi du Arizmendiarrietaren maisu lanean oinarriturik.
Beren sentimendu sakonei koherentzia eman nahi dieten pertsonentzat ekintzarako gonbidapena da, beste batzurekin partekatu eta gizarteari plataforma bateratu batetik aurkeztu ahal izateko.
Fundazioak, bizitza eta gizartearen ikuspegia partekatzen duten eta misio bateratu batean parte hartzeko biderik aurkitu ez duten pertsona askoren sentimenduak azaleratu, orientatu eta indartzeko balio du.
Misioa
Sustatu:
- Partaidetza Ebanjelizazio sozialean , bereziki arlo sozio-ekonomiko eta enpresarenean
- Gizartean parte hartzea bere eraldaketa sozio-ekonomikoaren alde, Ebanjelioan sustraiturik eta Elizaren irakasbide sozialaren printzipioetan oinarriturik
- Ebanjelizazio sozialaren alde nazioartean ekarpena egitea arizmendiar inspirazio, irakaskuntza eta lanari jarraituz, esparru globaleko beste erakunde katolikoekin batera.
- Indarrean dagoen bitartean, On Jose Maria Arizmendiarrietaren kanonizaziorako Batzorde Postulatzailearen laguntzaile eta euskarri izatea.
Bisioa
Kanonizazio prozesuak areagotu duen Arizmendiarrietaren kapital sinboliko eta soziala aktibatu eta sustatzea, kristau humanismoaren balioetan oinarriturik, enpresetan eta gizartean kristautasunaren eginkizun eraldatzailearen eta bertako elizen onurarako izan dadin.
Jarduera ardatzak
Fundazioak garatu beharreko lana, beti ere kristau humanismoaren balio eta printzipioen ikuspegitik eta Elizaren Irakasbide Sozialaren ildotik, ondorengo helburu eta jarduera ardatzetan zehaztuko da:
- On Jose Maria Arizmendiarrietaren izatea, lana eta bizitza zabaltzea.
- Ebanjelizazio soziala bertako Elizekin batera.
- Euskal Herriko eraldatze sozio-ekonomikoen prozesuetan parte hartzea.
- Nazioarteko esparru katolikoetan parte hartzea.
On Jose Maria Arizmendiarrietaren izatea, lana eta bizitza zabaltzea, Elizaren Irakasbide Sozialaren aplikazio eredu gisa
Bere izatea eta filosofiaren ezagutza mantentzeaz gain, espàrru berrietara eta nazioartera zabaltzeko ekintzak burutzea izango litzateke helburua
Era berean, bere lanaren zabalkundea egitea, Elizaren Irakasbide Sozialaren printzipioak aplikatu nahi dituen edozein pertsona, elkarte edo enpresarentzat erreferente izan dadin.
Zenbait ekintza-lerro:
- Bere bizitza sakontasunez ezagutzeko ikerketak sustatzea.
- Bideo , dokumental eta beste ikusentzunezko materiala sortu bere izatea eta lanaren zabalkundea errazteko.
- Belaunaldi gazteek ezagut dezaten sare sozialak eta beste ekintza mota batzuk erabiltzea.
- Ikerketak eta tesiak sustatzea , iraganeko, gaur eguneko eta etorkizuneko gizartean, bere bizitza eta lanak izan duen eraginari buruz.
Ebanjelizazio soziala bertako Elizekin batera
Euskal elizbarrutietako eragile berriak, ekintza soziala, ekonomia nahiz empresa mundua, arlo akademikoa eta kristau pentsamolde sozialari atxikiak direnak, sartzea da helburua.
Hainbat kristauren lana ikustarazi eta lokarri lana egin nahi litzateke, elizbarrutiko bizitzatik urrun gertatzen diren eskuhartze desberdinetan, direla ekonomikoak, enpresakoak, sindikalak nahiz politikoak.
Zenbait ekintza-lerro:
- Arizmendiarrietaren inspirazioa gogoan, enpresa eta ekonomia sozial arloan, kristau laikoen taldea osatu.
- Arlo ekonomiko, enpresarial eta politikoari arreta berezia eskaintzen dion ebanjelizazio sozialean parte hartu.
- Kristau pentsamolde sozialaren hausnarketa aplikaturako gunea dinamizatu.
- Eliz elkartean Arizmendiarrietaren izatea, lana eta prozesua zabaldu.
- Ebanjelizazio sozialaren eliz arduradunen ekintzetan parte hartu eta, behar balitz, osatu, eraldatze sozio-ekonomikoen prozesuen arazoei buruz hausnarketak eginez.
Eraldatze sozio-ekonomikoen prozesuetan parte hartzea Euskal Herrian, kristau humanismoa eta Elizaren Irakasbide Sozialaren balio eta printzipioekin bat eginez.
Globalizazioak berarekin dakartzan aldaketa ekonomiko, kultural eta politiko sakonak, abiadura teknologikoak eta posmodernitateak nahiz ziurgabetasun eta desberdintasun sozialen aurrean, Fundazioa berrikuntza sozialaren alde dago.
Testuinguru honek gainera, pentsamendu berria eta erantzun berriak eskatzen ditu, zeinetan beharrezkoak diren elkarrizketa eta elkar-lankidetza arlo desberdinen artean: enpresa, unibertsitatea, kultura, ekonomia, politika, erlijioa,…
Zenbait ekintza-lerro:
- Ekonomia eta enpresan berrikuntza etikoaren aldeko debate eta hausnarketa sare eta prozesuetan parte hartzea
- Euskal Herriko politika publikoetan eta legegintza arloan arizmendiar balioak txertatzea bultzatzea.
Nazioarteko esparru katolikoetan parte hartzea
Munduko ekonomiak berrikuspen sakona behar du, izan ere, merkatu-ekonomiaren markoan, diruaren gehiegizko boterea geldiarazi eta lehentasuna eman beharrean dago gizakien beharrak asetzeari eta pertsonen zerbitzu eta guztien onari.
Mundu zabaleko elizak, hainbat mogimendu, erakunde sozial, ikastetxe erlijioso, unibertsitate eta pertsona esanguratsu ditu eta Arizmendiarrietaren kanonizazio prozesuak, bera eta kooperatiba mogimendua, bere irakasbide sozialaren jardunbide egokien erreferente bilaka ditzake.
Zenbait ekintza-lerro:
- Hausnarketa eta esperientziak partekatzea, halaber proposamen desberdinak lantzea, “jardunbide egokienak” identifikatu eta zabalduz, landu nahi den atal ebanjelizatzaileari ikuspegi berri bat emanez.
- Erroman dauden ebanjelizazio sozialeko esparruekin komunikazioa eta lankidetza sustatzea
- Esparru katolikoko Unibertsitateekin, Latinoamerikakoekin bereziki, lankidetza sustatzea.
- Arizmendiarrietarengan inspiraturiko kooperatibismoa sustatu Iparra-Hegoa lankidetza proiektuetan, Karitas, Esku Elkartuak eta Elizbarrutietako Misioekin bereziki.