Enpresarientzat ona da langileak enpresen jabetzan sartzea

21/10/2017

Batez ere industria alorreko enpresetan aplikatzeko eredu berritzailea eta ausarta garatu du Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteak, «betiko eredu zaharrak jadanik ez duelako balio lehiatzeko».

Kooperatibismotik abiatuta, sozietate anonimoentzako enpresa eredu bat garatu du Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteak, eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen atzo Juan Manuel Sindek (Bilbo, 1950). Langileen parte hartzea bultzatzen duen ereduaren aldeko legez besteko proposamena onartzea nahiko luke Sindek. Kudeaketaz harago, langileak jabetzaren eta emaitzen ataletan sartzea proposatu du.

Zer da Euskal eredu inklusiboa eta parte hartzailea enpresentzat

Lehiaren testuingurua goitik behera aldatu da mundu osoan, eta gure enpresentzat ere bai; Mondragonen esperientziak dio balio humanistak modu adimentsuan aplikatzeak enpresaren lehiakortasuna handitzen duela, langileen ongizatea sustatzearekin batera. 

Kooperatibismoaren kontzeptuak beste egitura juridiko bateko enpresetara eraman nahi izatea ez al da zirkuluari karratu forma eman nahi izatea ?

Mondragonen barruan, badira kooperatibak ez diren enpresak, baita langileek kontrolatzen ez dituzten kooperatibak ere; adibidez, Laboral Kutxa. Hori ez da oztopo kooperatiben kudeaketaren ezaugarriekin aritzeko.

Enpresaren kudeaketan, jabetzan eta emaitzetan langileek parte hartzea proposatzen duzue. Ez al zarete baikorregiak?

Parte hartze hori kooperatibetan den bezainbestekoa izan gabe, lor daitezke beste formula batzuk.

Nork diseinatu du enpresa eredu hau?

Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteak bultzatu du proiektua, baina enpresari elkarte, sindikatu eta unibertsitateko ordezkariekin egin dugu, hainbat urtean.

ELAk ez du parte hartu, ezta?

ELAk uko egin zion eztabaida mahaietan egoteari, baina hirutan batzartu gara haiekin, eta informazio guztia eman diegu. Azken bileran esan ziguten oso ondo baloratzen zutela gure lana, eduki osoarekin bat ez etorri arren.

Enpresariek akzioak oparitzen hasi behar al dute langileen parte hartzea bultzatzeko.

Kooperatiben arrakastaren oinarria ardura partekatua eta elkarlana izan direla sinetsita gaude. Ez da posible enpresari batek erabaki guztiak hartzea, arrisku guztiak eta irabazi guztiak ere beretzat gordeta, eta, aldi berean, ardura partekatua eskatzea langileei. Beste diseinu bat behar da ardurak eta elkarlana eskatzeko.

Akzioen apurrak emanda, langileek ez dute inolako pisurik izango erabakietan eta emaitzetan. Horren truke aritu behar dira enpresa berena balitz bezala?

Gu ez gara joango enpresetara kooperatiba bihurtzeko gomendatzen. Baina argi: gauza bat da behargin batek akzioen %0,2 edukitzea, eta bestea behargin guztiek %15 izatea. Agian %15 horrekin, langileek pisu garrantzitsua lortuko dute erabakietan. %15arekin, bazkide nagusi izan zaitezke, izan ere. Baina izan gabe ere, adostu daiteke zenbait erabaki hartzeko langileen baietza behar dela; beto eskubide bat, alegia.

Baina zuk uste duzu horrelako zerbait onartuko dutela enpresariek?

Ea, argi esango dizut: gu ez gara joango enpresariengana esatera enpresaren lema langileei eman behar dietela; ez, enpresariak enpresa kontrolatu behar du, baina muga batzuk jar ditzake bere kudeaketan, horrek onura ekarriko diolako enpresari, enpresaren geroari, langileen parte hartze aktiboa lortuko duelako. Nazioartean lehiatzen direnek badakite beren profesionalen kolaborazioa behar dutela etengabe, kudeaketan eta beste alorretan. Jabeek baino ezagutza handiagoa dute enpresaren adituek atal askotan. Eredu zaharrak ja ez du balio lehiatzeko.

Sindikatuek ere errezelo ugari izango dituzte. Nola negoziatuko dute zuzendaritzarekin haren kide ere badira?

ELAren kezka bat da administrazioko kide badira langileek ezingo dutela lan sindikala modu berean egin. Lehen-lehenik, konfiantza harremana eraiki behar da erabateko gardentasunean oinarriturik. Zuzendaritzaren informazioak argia eta maiztasun jakinekoa izan behar du. Enpresaren geroarekin lotutako edozein informazio garrantzitsu helarazi behar zaie beti langileei.

Adegiren lan harremanen eredu berriaren usaina hartuko dio batek edo bestek honi guztiari…

Jaurlaritzako kide ezagun batek gure eredua ikusi, eta hauxe esan zuen: ‘Hau kooperatiben eredua da, baina sozietate anonimoentzat’. Adegiren ereduaren eduki batzuk bat datoz, baina gu askoz urrutiago goaz. Haiek parte hartzea kudeaketan aipatzen dute, eta gardentasuna ere bai. Baina parte hartze horren neurrian dago aldea. Guk proposatzen dugu langileen ordezkariak administrazio kontseiluan ere egotea. Adegiko enpresari askori horrek bertigo izugarria emango die akaso. Parte hartzea emaitzetan ere izan behar duela diogu, baita jabetzan ere. Hori dena ez doa Adegiren proposamenaren aurka, baina askoz urrutirago doa.

Zuen ereduak enpresaren negoziazio kolektiboa hautsiko luke?

Bat da proiektua partekatzea eta estrategia adostea, eta bestea ez dela barne tentsiorik egongo. Hori bizitza bera da. Interesen gatazka ez da desagertuko, baina eredu hau gatazka hori denen interesen alde bideratzeko saioa da. Negoziatzen jarraitu beharko litzateke, argi dago. Gure ereduak ez ditu aingeruak ekarriko enpresetara.

Zein enpresa motarentzat da egokia zuen eredua?

Nazioartean lehiatzen diren industria alorrekoentzat, 40 eta 400 langile artekoentzat. Geroa indarrak batuz irabazi behar dutela dakitenentzat. Familia enpresentzat ere egokia da, jabetzaren transmisioan arazoak sortzen direnerako, adibidez.

Zer eskatzen diozue Eusko Jaurlaritzari?

Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat onartzea nahi dugu gure ereduak jasotzen dituen zenbait kontzeptu Jaurlaritzak erraztu ditzan neurri fiskalen bidez.

Ezagutzen duzue Jaurlaritzaren iritzia ereduaren inguruan?

Arantxa Tapia sailburuak gai honi buruz dioena ez dago urrun gure proposamenetik, baina gu epe luzera ari gara. Langileak kapitalean sartzea bertigoa ematen die askori, sindikatu eta enpresariei lehen-lehenik, baina neurri ausartak hartu behar dira ahalik eta hoberen lehiatzeko.

Zein da zuen interesa honetan guztian?

Arizmendiarrietaren Lagunak irabazi asmorik gabeko elkartea da, independentea erabat, baita Mondragon taldearekiko ere. Borondate onez ari gara, zinez uste duguna plazaratuz, loturarik gabe. Gure kezka ekonomikoa gure biloben etorkizuna da, hori besterik ez.

 

www.berria.eus