Kooperazio motak (Andoni Mujika)

11/12/2017

7 Kooperazio

Lankidetza, kooperazioa, kolaborazioa eta elkarlana antzerako kontzeptu bat azaltzeko termino ezberdinak dira.  Elkarrekin lan egitea dago hauen guztien esanahiaren muinean.  Gainera, kooperazioa autoeraketarekin, parte-hartzearekin, pertsonen duintasunarekin, demokraziarekin eta elkartasuna praktikatzeko modu erreal batekin erabat erlazionatuta dago.  Beraz, esan daiteke, termino hauekin dauzkan loturengatik daukala daukan transzendentzia.

Aurrera egin baino lehen, gaiaren inguruan beste hiru kontsiderazio: kooperazioa, hasteko, praktika interesgarria da pertsona eta kolektiboentzat; horrez gain, Euskal Herriak tradizioa dauka bere burua antolatuz, eta elkarlanean, proiektuak aurrera ateratzen; eta hirugarrenik, etorkizunera begira, herri baten garapenerako gaurkotasun osoa duen planteamendu estrategikoa da.

Gure garaira etorrita, daukagun errealitatea begi bistatik galdu behar ez dugunez, esan behar da kooperazioa egiteko bide ezberdinak daudela.  Esaldi bakarrean adierazita, kooperazioa kooperatiba barruan zein kanpoan ere gara daiteke.  Herri bezala gure organizazioetarako eredu propio bat, humanoagoa, duinagoa, errentagarria eta eraginkorra nahi badugu, kooperazioa han eta hemen zabaldu behar da.  Lerro hauetan zehar kooperazioa praktikatzeko zein bide ezberdin dagoen identifikatzeko saiakera egiten da.  Zazpi ikusten dira:

Lehena, existitzen diren kooperatibetan.  Kooperazioa sakontzeko eta berritzeko aitzindari izan daitezke kooperatibak, plataforma paregabeak.  Kooperazio maila altuenak lortzeko baldintzarik egokienak daude erakunde hauetan.

Bigarrena. Kooperatiba berriak sortuz. Oso bide motibagarria da, baina mugak ere baditu. Esaterako, sektore batzuetan, industrian adibidez, oso zaila da kooperatibak sortzea; kapitala eskuratzeko zailtasunak daudelako eta abar. Une honetan, Euskal Herrian, kooperatiba berriak zerbitzuen sektorean sortzen dira batez ere.

Hirugarren aukera kooperaziorako kapital enpresetan kooperazioaren idea txertatzea da. Jabetzan, kudeaketan eta emaitzetan islatu beharko litzateke, kasu bakoitzean, adostutako graduan. Hemen dagoen desafioa da enpresari eta langileak komentzitzen.

Laugarrena. Kapital enpresak kooperatibizatzea. Krisian edo une berezi batean (esku-aldaketa bat esaterako) dauden enpresak kooperatiba formulara ekartzeko momentu interesgarria izan daiteke.

Bosgarrena. Erakundeen arteko interkooperazioa; bai elkartasunerako, eta baita sinergia enpresarialetarako ere.

Seigarrena. Elkarteetan herrigintza proiektuak aurrera ateratzeko egiten den lankidetza.

Eta zazpigarrena, garapenerako nazioarteko kooperazioa.

  Andoni Mujika