Gizarte Eraldaketa eta kooperatibak (Andoni Mujika)
22/05/2017
Gizarte Eraldaketa eta kooperatibak
Tira, badirudi azkenean, Gizarte Eraldaketa, urte luzetan mugimendu kooperatibotik pertsona gutxi batzuek aldarrikatu eta hausnartu duten gaia, oraintsu, protagonismoa hartzen hasi dela unibertso kooperatiboko instantzia ezberdinetan. Baita beste erakunde batzuetan ere. Albiste pozgarria da, printzipioz. Esan dezagun, batetik, zeregin handia dagoela guztiontzat zelai horretan, baina oso ondo egin behar dela lan hori. Gogora dezagun gaiarekin asmatzea konplikatua dela, eta horretarako lehen urratsa gaiarekiko sinesmenez eta bihotzetik jardutea dela. Nahitaez, premisa horretatik abiatu behar da nire iritziz. Gaia benetan erdigunean jarriz, erakargarritasunez, egungo belaunaldietara egokituta eta lidertza oso potentearekin. Batez ere, bestela, ez duelako arrakastarik edukiko.
Ukaezina da kooperatibismoaren ibilbidean zenbait ekimen egin izan dela Gizarte Eraldaketaren eremuan. Esaterako, aberastasuna modu egokiagoan banatu, lan duina sortu, euskal kulturari lagundu eta abar. Baina eremu honetan egin izan diren ekimen guztien artean, bi nabarmenduko nituzke nik, eta paradoxikoa da (edo ez), baina araututa ez dauden bakarrak dira: bata da kooperatibaren ormak gainditu dituen autoeratzeko, kudeatzeko eta ekintzailetasunerako kultura bat sortzen eta garatzen zeresan handia izan dutela kooperatibek; eta bestea, gizarte eta ekonomia arloko zenbait proiektu berri martxan jartzen egon dela makina bat kooperatibista lehen lerroan, izugarrizko eskuzabaltasunez.
Gaiaren mamira hurreratuz, nortasunaren angelutik begiratu bat egin diezaiogun kontzeptuari. Hainbat elementu definitzaile ezberdin dituen esperientzia da kooperatibismoa. Euskal Herriko lorategi kooperatiboan, denboran zehar, espezie ezberdinak landatu, pilatu eta garatu izan dira. Esan genezake esperientzia honen argazki panoramikoa lorategi botaniko batena dela. Baina usain, forma eta koloreekin ezin gara despistatu eta mozkortu. Jakin behar dugu ezaugarritzen gaituzten landare bakoitzari bere protagonismoa eta funtzioa ematen. Hori esanda, niretzako, beste edozein ezaugarrik baino gehiagok, Gizarte Eraldaketak egiten gaitu gu, ematen digu nortasun bat, eta markatzen digu ‘nora’ bat, amets bat. Zer gara eta nora goaz jakiteko tresna zentrala dela uste dut. Gizarte Eraldaketa da utopia kooperatiboaren ardatz historikoa, egungoa, biharkoa eta indartsuena. Eta horrez gain, gainera, Gizarte Eraldaketa da gizarte osoaren aurrean, kooperatiboi, zentzu, errekonozimendu eta baliorik handiena eman diezagukeen planteamendua.
Eta hau guztia hain inportantea dela iritzita, tamalez, euskal kooperatibismoak ez du formulazio (diskurtso) garbi eta konpartitu bat izan Gizarte Eraldaketaz. Galduta gabiltza horretan, eta irudi hori gizarte osora transferitzen dugu erremediorik gabe. Erraz egin daiteke baieztapen honen inguruan frogatxo bat: galde ezazu kooperatibisten artean ea zein den bere talde kooperatiboaren edo kooperatibaren Gizarte Eraldaketarako proposamena. Zoritxarrez, hain garrantzitsua den arren, inor gutxik erantzungo dizu gutxieneko ziurtasunarekin. Ez da behar beste esplizitatuta eta gaurkotuta egon zer garen eta nora goazen Euskal Herriko mugimendu kooperatibo gisa. Gure Gizarte Eraldaketa proiektua zein den alegia.
Baina goazen aurrera. Hasteko, Gizarte Eraldaketari daukan dimentsio eta zentzua eman behar zaio. Berriz ere. ‘Eraldaketa’ terminoan bertan geldialdi bat eginez gero, konturatuko gara zein indar duen hitz horrek. Nahi den bezala jar gaitezke, baina hitzak dioena dio, eta ez da broma. Ez gabiltza ‘aldatzeaz’, ‘gizarte-konpromisoaz’ edo ‘erantzukizun sozialaz’, horiek denak oso ondo dauden arren. Eraldaketa hori baino askoz anbiziotsuagoa den kontzeptua da: sakontasunez, erroz aldatzea esan nahi du. Gaztelerazko ‘trans-formación’ terminoaren aurrizkiak ere laguntzen du ulertzen. Eta aitortu behar da, badirudiela, horrelako proiektuetarako ez dela une historikorik errazena. Jendea ez dagoela horrelako historietarako ematen du. Baina segi dezagun. Gizarte Eraldaketa, nire ustez, ezin da ulertu kooperatibismoaren printzipio bat gehiago balitz bezala. Eta ezin da ulertu mugimendu honen estrategia edo helburu soil bezala ere ez. Kontzeptu horien gainetik dago, gorago. Izatekotan, kooperatibismoa dago Gizarte Eraldaketa ideiaren barnean. Gizarte Eraldaketak biltzen du bere baitan kooperatibismoa. Gizarte Eraldaketaren ideiak potentzial utopiko, traszendente, motibatzaile eta ideologiko osoagoak koherentzia batean biltzeko ahalmena du. Kooperatibismoa ezin da horretaraino iritsi horrelako ametsik gabe, marko borobilago bat eduki gabe. Eta kooperatibismoak oso pizgarria den zerbait behar duelakoan nago.
Eta amaitzeko, Gizarte Eraldaketa kontzeptuaren esanahiaz zerbait. Uste dut Gizarte Eraldaketaren definiziora hurbilpen xume bat egitea ez dela hain zaila. Hor doa nirea eztabaidarako. Gizarte Eraldaketa kooperatibismotik ulertzeko ezin dugu albo batera utzi trinomio bat: Gizarte Eraldaketa bera, autoeraketaren ideia eta komunitatea. Bana-ezinak dira. Zerbait dinamikoaz gabiltza, hau da, eraldatzen eta bere burua antolatzen ari den sujetoaz; berarekin batera eraldatzen duen eta bere burua antolatzen duen komunitateaz dihardugu, ‘pertsona eraldatu gizartea eraldatzeko’ (JM Arizmendiarrieta); eta guzti hau balore jakin batzuekin lagunduta. ‘Komunitarismoa’ (J.Azurmendi) hitz bakarrean esateko.
Andoni Mujika
Arizmendiarrieta Kristau Fundazioko kidea