Enpresa-eredu inklusibo parte-hartzaile baterantz (Juan Manuel Sinde)

11/12/2017

Azken hamarkadetan faktore nagusi bik aldatuarazo dabe funtsean mundu osoko enpresentzako lehia-jokalekua: aurkikuntza zientifiko eta teknikoen aurrerakada bizkorrak, alde batetik, eta prozesu ekonomikoen globalizazinoak, bestetik. Faktore horreek industrian eragiten dabe batez be; sektore horretan, kalidadez, barrikuntzaz eta bezeroen premiei egoki erantzunez, gure herrialdekoak baino lan-kostu askoz be baxuagoko herrialdeetako enpresakaz lehiatu beharra daukie euskal enpresek.

Egoera horretan, enpresen lehiakortasuna honako baldintza honeen araberakoa da: bere profesionalak, hareen ezagutza teknikoak eta barrikuntza-gaitasuna, baina baita taldean lan egiteko gaitasuna be, bezeroen arazoakazko enpatia, etab.

Testuinguru horren barruan, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak erreferentzia jakin batzuk eskaini gura izan ditu, jokaleku barri horretan erantzuteko gai izango dan enpresa-eredu bat osotu ahal izateko; aldi berean, enpresa bakotxaren berariazko errealidadera egokituz aplikatzeko modukoa izan beharko dau.

Mintegi baten jasotako ondorioetan oinarrituta osotu da; bertan, hilebete batzuez Euskal Herriko sensibilidade politiko, sindikal eta enpresarial desbardineko hainbat lagun, enpresa munduko adituakaz batera, gogoetan aritu dira, Enpresa Eredu Barri bat ardatz hartuta. Beste euskal eragile ekonomiko eta sozial azpimarragarri batzuek egindako ekarpen esanguratsuakaz osotutako sintesi bat be jasoten dau.

Edozelan be, ez da eredu zurrun eta behin betiko bat. Eragile horreen ekarpen barrietara zabalduta dago, eta moduluka nahiz zatika egokitzeko moduan pentsauta dago, ezinbestean osorik egokitu beharrik gabe.

Bestetik, proposamenaren asmoa ez da kapitalaren eta lanaren artean interes desbardinak dagozala ukatzea, baizik eta gatazka hori bideratzeko modu barriak topetea, langileek enpresan parte hartzearen bitartez. Era berean, gainera, onurak dakarz guztiontzat, lehia oinarrizko jarreratzat daukan paradigmaren ordezko gisa; izan be, horrek, batzuetan epe laburrean eraginkorra dan arren, hurrengo belaunaldientzat ondorio benetan negatiboak eragin eikezan.

Abiapuntu modura, aintzat hartzen dau enpresak Guztion Ongizatean izan leikean eragin garrantzitsua, horrek aberastasuna eta enplegua sortzean daukan eraginagaz, epe luzean iraunkorra izango dan proiektuaren barruan, haren garapenean stakeholder guztiak inplikauta, euren interesak era orekatuan asebetez.

Eredu barriari inklusibo parte-hartzailea izena emon deutsagu, eta ardatz eta politika jakin honeetan bermatuta dago:

1.- Lankidetzaren, alkarren erantzukizunaren eta pertsonakazko arduraren kulturea (oinarrizko erispidetzat lehia hartu barik).

Horretan hasteko, konfiantza giroa sortu beharko litzateke, enpresako aldagai eta politika garrantzitsuenen inguruan informazino-gardentasunaren politika ezarrita, bai eta langile bakotxarentzat arduraldi-helburuakaz prestakuntza-planak garatuz be, horreetan prestakuntza teknikoa nahiz kudeaketa-prestakuntza txertatuta.

Horretarako, desbardintasun handirik eragin barik gizartearen kohesinoa bideratzen daben zerga-politikak bultzatu beharko lirateke, bai eta langileen asebetetze-mailaren eta premien inguruan asebetetzea eten barik hobetzen dala neurtzeko aldian behingo ebaluazino sistemak finkatu be.

Era berean, barne-sustapenari lehentasuna emotea erantzukizun handiagoko eginkizunak esleitzeko, eta, beste esparru baten, emakumea baldintza berberetan laneratzea eta familia lanagaz bateratzeko moduak erraztea.

2.- Langileen parte-hartzea kudeaketan edota emaitzetan edota jabetzan (kapitala eta lana guztiz bereiztu barik): kudeaketa parte-hartzaileko sistemak txertatu beharko lirateke, konfidentzialak ez diran erabagi garrantzitsuenei buruz langileen ordezkariei konsultak eginez.

Langileen ordezkariren bat erabagiteko edota kontroletako organoren baten txertatuta, gura daben profesionalei enpresearen jabetzaren zati bat eskuratzeko modua ahalbidetuta, ekarpen ekonomikoa egiteko aukerea emonda eta ekarpen hori, enpresan barriro inbertiduteko, emaitzetako ehuneko bategaz babestuta.

3.- Proiektu kolektiboaren lehentasuna edozein interes-talderen interesen gainetik (batzuen eta besteen alde bateko interesen lehentasunaren aurrean), akziodun eta langileentzat aldi bereko pizgarrien bitartez, lehenengoentzat norbere funtsen inguruko errentagarritasuna eta bigarrenentzat ordainsari orokorra aldi berean hobetzeko moduan.

Bestetik, urteko irabazien %50 gitxienez Norbere Funtsak eta salmenten gaineko I+G jardueretarako sektorearen batez bestekoa baino handiagoko ehunekoa handitzera bideratuta.

4.- Kokatuta dagoan komunidadearen beharrak aintzat hartzea (enpresa-jarduera eta gizarte-erantzukizuna guztiz bereiztu barik): legeria zorroztasunez bete beharko litzateke, jarduera garatzen dauan herrialdeetako lan-arlokoa, ingurumenekoa eta fiskala batez be, eta irabazien ehuneko jakin bat Gizarte Erantzukizuneko jardueretara bideratu.

Gure eretxian, eredu hori jomuga izan leiteke euskal enpresak lehenago aitatutako lehia-jokaleku barri horretako desafioetara modu adimentsuago, gizatiarrago eta iraunkorrago batean egokitu daitezan.

Juan Manuel Sinde

Asociación de Amigos de Arizmendiarrieta