Kooperazioaren ekonomia: eredu propio baterantz (Andoni Mujika)
07/11/2016
Azken urtetan, hainbat eragile dabil beste ekonomia baten beharraz hitz egiten. Gure herrian ere gai horrek pizten ditu zenbait gogoeta eta ekimen. Horien artean, kooperazioaren ekonomia kontzeptu berriari egin nahi diot lekua. Esan beharra dago, kontzeptu honen sorreran Arizmendiarrieta Kristau Fundazioa dagoela. Baina kokatzen hasteko, zer da kooperazioaren ekonomia? Bi hitzetan esanda, euskal ekonomia eta enpresa eredu propio eta humanoago bat. Eta terminoak berak dioen bezala, definizio hori kooperazioaren baloreekin osatzen da. Sarrera honekin bukatzeko, beharbada, beste datu hau esatea ere argigarria da: eredu hau edozein enpresa motarentzat planteatzen da.
Baina kooperazioaren inguruan alderdi bat esplizitatu nahi nuke hasieratik: praktikara eraman behar da. Hori ondo egiten ez bada, gainontzekoak ez du balio. Eta aplikazioaren fase horrek bere legeak dauzka. Terreno honetan esperientziari kasu eginez gero, hiru urrats proposa daitezke kooperazioa modu eraginkorrean egiteko. Lehenengo, bakoitzaren iritziak taldean eztabaidatu. Bigarren, akordioa bilatu lortu arte. Eta adostasunera iritsitakoan, defendatu norberarena balitz bezala. Ikusten den legez, kooperazio eraginkorra egiteak heldutasun handia eskatzen du.
Saia gaitezen kontzeptu honen definizioan beste urrats bat ematen. Esan dezakegu eredu honen ezaugarri nagusiak lankidetzaren eremuan eta Arizmendiarrietaren pentsamenduan aurkituko ditugula, hortxe inspiratzen baita. Baina goazen orain bere bereizgarri eta potentzialak aletzera:
Humanizazioa. Eredu honen ideia nagusia ekonomia eta enpresa humanizatzea da, pertsona erakundearen erdigunean jarriz. Proiektuaren hasieran, bitartean eta amaieran dagoen balorerik gorena da pertsona. Pertsona, gainera, ingurua aldatzeko lehen agentea da, subjektua: pertsonak aldatu gizartea eraldatzeko, esango zuen Arizmendiarrietak.
Eredu propioa edukitzearen garrantzia. Edozein gizarte-arlotan eredu propioa izatea inportantea da. Herri hori txikia bada, gehiago. Ekonomia zein enpresa arloan ere horixe gertatzen da. Beraz, kontua da aurkitzea gure izaeratik gertuen dagoen modeloa. Hori edukita, norabide bat izango dugu ekonomia eta enpresa arloetan. Hemen hautatzen den eredua kooperazioan oinarritzen da. Zergatik? Herri honen nortasunera, esperientziara, baloreetara eta kulturara egokien moldatzen dena delako.
Gizarte konpromisoa. Enpresa komunitatearen eragile bezala ulertzen da beste aktore sozio-ekonomiko batzuekin elkarlanean, bertako parte da. Beraz, enpresaren proiektua ez da enpresa barruan amaitzen. Komunitatearekin batera zeregin bat dauka: gizartea eraldatzea.
Autonomia eta autoeraketa. Eredu honek, autoeraketaren ideia jarraituz, pertsonen autonomia, erantzukizuna eta ekintzailetasuna sustatu nahi ditu. Heteronomiatik autonomiarako bidea egiteko baldintzak sortu eta, poliki-poliki, pertsona eta taldea bere buruaren jabe diren subjektu egin.
Barne demokrazia, jabetza eta parte-hartzea. Enpresaren kudeaketan, erabakietan eta jabetzan parte hartzea interesgarria dela uste da. Demokraziaren kultura enpresa barrura ekartzeak proiektuarekiko inplikazioa, aberastasunaren banaketa zuzenagoa, motibazioa eta kalitatea handitu egiten ditu. Jakina da demokraziaren praktika beti dela beste formula piramidalagoak baino konplexuagoa, baina emaitzak askoz hobeak izan daitezke. Ezaugarri hau mailakatzeko aukera ere hor dago.
Interkooperazioa. Bi norabide. Barrenean dagoen ideia da interkooperatzen duten aldeek badaukatela zer eskaini eta zer jaso. Praktika hau Euskal Herrian frogatuta dago eta emaitza oso interesgarriak eman izan ditu. Kooperazioaren ekonomiak enpresen arteko interkooperazioari garrantzi handia ematen dio. Interkooperazio hau bi helbururekin egingo litzateke: elkartasunerako eta enpresa indartsuagoak egiteko.
Kooperazio publiko pribatua. Beharbada, zuzenagoa izango litzateke esatea publiko sozialaren arteko kooperazioa. Asmoa litzateke kutsu soziala daukaten enpresekin zenbait zerbitzu publiko emateko aukera jorratzea. Gizartearentzat zenbait onura izango lituzke. Besteak beste, ekintzailetasun eta erantzukizun soziala landuko lirateke; bestetik, gastua gehiago arrazionalizatuko litzateke bideragarriagoa eginaz zerbitzua; horrez gain, gai sozialetarako arima duten irabazi asmorik gabeko erakundeekin lan egingo litzateke; eta gainera, erakunde publikoek kontratatutako enpresa sozialetako langileen eskubideak eta beste baldintza batzuk ere erregulatu ahal izango lituzkete.
Edozein enpresarentzat. Euskal enpresa ereduaz dihardugu, beraz, edozein enpresatan praktikatzeko moduko proposamena da kooperazioaren ekonomiarena. Modu sakonagoan edo oinarrizkoagoan inplementa daiteke, hemen dauzkagun hainbat enpresa-errealitate ezberdinetara moldatuz; baina beti, enpresa humanizatzeko helburua galdu gabe.
Eraginkorra eta arrakastatsua. Kooperazioan oinarritzen diren zenbait esperientzia dago gure artean. Hauek frogatu dute kooperazioaren baloreak dituen erakunde bat arrakastatsua izan daitekeela plano ekonomiko zein sozialean. Gehiago ere esan liteke: humanoagoa delako handitzen zaio eraginkorragoa izateko potentziala.
Munduaren desafioei begira. Begiak itxi gabe begiratu behar diegu munduak dituen desafio nagusiei: ingurumena, demografia, ekonomia eta finantza sistema, kultura aniztasuna eta abar… Gure eredu lokalek, bakarrik, ez daukate horiek konpontzeko ahalmenik. Baina aletxo bat jar daiteke, eta beste batzuekin batera bultza egin.
Andoni Mujika
Arizmendiarrieta Kristau Fundazioko kidea